XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaur eguerdian iritsi dira azkenik ijitoak Vetierro-ra.

Urtero bezalaxe jarri dira, ailegatu bezain aguro, plaza erdian danborra eta turutarekin abisua emanez.

Gizon bizardun batek bibolina jotzen zuen bitartean beste batek ze ikuskizun mota eta ze emanaldi klase egongo diren ematen zuen aditzera: astebetez geratuko direla Vetierro-n esan dute eta egunero hiru espektakulo eskainiko dituztela.

Eguerdian, zirko emanaldia, ekilibrista eta pizti basatiez osaturik.

Arratsaldean musika saioa trapezioan ibiltzera ohituta dauden animaliekin.

Eta gauez, zinema saioa deskantsuan zozketa interesgarria egingo delarik.

Abisualdia amaitu aurretik esan du non kokatuta egongo diren: eliza atzeko plazatxoan.

Eta baita zenbana izango den sarrera ere: hogei duro ordaindu beharko du bakoitzak eta norberak etxetik aulkia ekarri ezkero hamarna duro izango dela.

Ondoren gizon batek turuta hartu du eta mutiko gazte batek danborra.

Bibolinzalearekin batera kanta luze bat jo dute eta azkenean, karromatora sartu dira jendearen txalo eta oihuen artean.